IRISMENA
1.1 Kontratazio-baldintza hauek (“Baldintza Orokorrak”) aplikatuko dira, batetik, Arratiako Udalen Mankomunitatearen (“Mankomunitatea”) (Elexalde kalea 49, 48140 Elexalde, Bizkaia) eta, bestetik, aplikazio mugikorraren edo webgunearen bidez (“Aplikazioa”) nahiz beste edozein bideren bidez mugikortasun-zerbitzua (“Zerbitzuak”) kontratatzen duen pertsona edo erakunde (“Erabiltzailea”) ororen artean.

1.2 Baldintza Orokor hauek eta Baldintza Orokor hauetan aipatzen den beste edozein dokumentu Mankomunitatearen eta Erabiltzailearen arteko akordioaren zati integrala dira (“Akordioa”).

1.3 Erabiltzaileak aitortzen du adin nagusikoa dela eta/edo legezko gaitasun nahikoa duela Akordio honekin kontratu bidez lotesteko. Erabiltzaileak Akordio hau hirugarren baten izenean sinatzen badu, horretarako baimen/ahalmen egokiak dituela adierazi eta bermatzen du.

1.4. Aurrerantzean “Alderdiak” hitza erabiliko da pertsonak kolektibo bezala izendatzeko eta “Alderdi” gizabanakoak izendatzeko.

1.5. Aplikaziora sartzean, onarpen-laukia markatzean edo baieztapen elektroniko bat dakarren edozein ekintza egitean (onarpen-botoian klik egitea, adibidez), Erabiltzaileak Baldintza Orokor hauek onartzen eta ontzat ematen dituela adierazten du, sinadura elektronikoaren baliokide baitira. Erabiltzailearen sinadura elektronikoak frogatuko du Baldintza orokorrak onartu eta baimentzen dituela, eta horiek betetzearekin ados dagoela.

2. ZERBITZUAK
2.1. Mankomunitateak mugikortasun-zerbitzuak eskaintzen ditu, gidaridun ibilgailu partekatuen bitartez. Zerbitzu horiek Aplikazioaren bidez, aurrez aurre eta telefonoz erreserba daitezke, Zerbitzuaren webgunean (“Webgunea”) adierazitako helbideen edo zenbakiaren bidez www.bideonarratian.eus.

2.2. Mankomunitateak Celering Travel SL enpresaren bitartez emango du Zerbitzua. Enpresa horrek Zerbitzu osoa kudeatzen du eta aplikatu beharreko araudiaren betearazpena eta zerbitzuaren kalitatea ziurtatzen ditu. Era berean, ziurtatzen du zerbitzua emango duten gidariek jarduera garatzeko beharrezkoa den lizentzia daukatela eta aplikatu beharreko araudian ezarritako gainerako betekizunak betetzen dituztela.
2.3. Webgunean eta Aplikazioan adierazten dira Zerbitzua zer eremu edo lurraldetan erabil daitekeen, baita eskaintzen diren ibilbideak zehaztu eta Zerbitzua zer egun eta ordutan ematen den adierazi ere. Mankomunitateak eskubidea izango du edozein unetan Zerbitzua erabilgarri dagoen lurraldeak, egutegia eta ordutegiak gehitu, murriztu edo aldatzeko.
2.4. Zerbitzuak erabili ahal izateko, Mankomunitateak egoitza-baldintza jakin batzuk edo beste baldintza batzuk betetzea eska diezaioke erabiltzaileari. Baldintza horiek Webgunean adieraziko dira. Mankomunitateak eskubidea izango du Erabiltzailearen identitatea ziurtatzeko, baita baldintza horiek betetzen dituela egiaztatzeko ere, erregistratzen den unean eta aldizka.

3. KONTRATAZIOA ETA ERREGISTRO-PROZESUA
3.1. Aplikazioan erregistratzea
Zerbitzuak erabili eta, hala badagokio, Aplikazioan sartu ahal izateko, Erabiltzaileak Aplikazioan erregistratu beharko du.
Zerbitzuak erabili eta, hala badagokio, Aplikazioan sartu ahal izateko Erabiltzailea adinez nagusia izan beharko da. Hori dela eta, Erabiltzailea Aplikazioan erregistratzen denean adinez nagusia dela adierazi eta bermatzen du. Adingabeek Zerbitzuak erabili ahal izango dituzte, soilik Erabiltzailearen ardurapean.
Nola erregistratu:
(i) Erabiltzaileak eskatutako informazioa eman beharko du, besteak beste, identifikaziorako eta kontakturako datuak eta Aplikaziora sartzeko egiaztagiriak.
(ii) Erabiltzaileak Baldintza Orokor hauek onartu beharko ditu erregistratu ahal izateko.
(iii) Mankomunitateak zenbait prozedura egin ahal izango ditu Erabiltzailearen identitatea eta Zerbitzua erabiltzeko hautagarritasun-baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko, halakorik egonez gero.

(iv) Erabiltzaileak telefono mugikor edo posta elektroniko bidez jarraitu beharko ditu kontua baieztatzeko urratsak.

(v) Identitatea eta aplikatu behar diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, Mankomunitateak kontua sortu duela baieztatuko dio Erabiltzaileari.
Erabiltzaileak konpromisoa hartzen du Mankomunitateari informazio erreala eta eguneratua emateko, eta informazioan aldaketarik egonez gero, Aplikazioaren bidez eguneratu beharko du.

Erabiltzailea arduratu beharko da Aplikaziora sartzeko gakoak seguru eta konfidentzial mantentzeaz, baita beste batzuek erabiltzen ez dituztela ziurtatzeaz ere. Aplikaziora sartzeko gakoak galduz gero edo horien iruzurrezko erabilera egiten bada, Erabiltzaileak Mankomunitateari jakinarazi beharko dio, Mankomunitateak kontua babesteko behar diren neurriak har ditzan.

3.2. Ibilbideen erreserba- eta kontratazio-prozesua

Aplikazioaren bidez Zerbitzuak kontratatzeko prozesua hau da:

(i) Erabiltzaileak ordainketa-metodoa eman beharko du, eskuragarri dauden metodoen artean bat aukeratuta. Mankomunitateak ez ditu zure txartelaren datuak ezagutuko, ibilbideen ordainketa egiteko hirugarrenen ordainketa-plataforma bat erabiltzen delako.

(ii) Une horretatik aurrera, Erabiltzaileak auto partekatuko ibilbideak erreserbatu ahal izango ditu. Horretarako, bidaiaren jatorria eta helmuga zehaztu beharko ditu, baita bidaiaren beste hainbat datu garrantzitsu ere.

(iii) Mankomunitateak bidaiatzeko aukerei buruzko beharrezko informazio guztia emango dio Erabiltzaileari, besteak beste: Erabiltzailea jasotzeko eta uzteko erabilgarri dauden geralekuak, erabilgarri dauden bidaien fluxua, prezioa, bidaien gutxi gorabeherako iraupen osoa, programatutako irteera-ordua eta aurreikusitako iriste-ordua.

(iv) Erabilgarri dauden bidaien artean, Erabiltzaileak bere beharretara gehien egokitzen dena aukeratuko du.

(v) Zerbitzua finantzatu gabe badago, Erabiltzaileak erreserba baieztatu eta Zerbitzuak ordaindu beharko ditu. Ibilbidearen prezioa eta aplikatu beharreko beste edozein zerga edo gastu pantailan agertuko dira erreserba egiten denean, edo ordainketa egin aurretik jakinaraziko zaio Erabiltzaileari.

(vi) Erreserba egin ondoren, Mankomunitateak erreserbaren laburpena bidaliko du berrespen gisa, posta elektroniko edo telefono bidez. Erreserbaren berrespena garraio-titulu gisa erabiliko da.

(vii) Erabiltzaileak ibilgailuaren jarraipena egin ahalko du denbora errealean, eta ibilbidearen eta jasotzeko lekuaren datuei buruzko jakinarazpen eguneratuak jaso ahalko ditu.
3.3. Ibilbidearen ebaluazioa
Ibilbidea bukatu ondoren, Erabiltzaileari aukera emango zaio Zerbitzuari eta gidariari buruzko iritzia eta balorazioa emateko. Iritzi hori Pribatutasun Politikaren arabera tratatuko da, eta lagungarria izango da Mankomunitatearentzat Aplikazioan nahiz Zerbitzuan hobekuntzak ezartzeko. Ildo horretatik, Mankomunitateari ematen zaizkion iritzi eta balorazioak askatasunez erabili ahalko dira, eta Erabiltzaileak ezin izango du horien truke inolako ordainik eskatu.

4. PREZIOA ETA ORDAINTZEKO BALDINTZAK
4.1. Erabiltzaileak onartzen du Mankomunitateak finantzatzen dituela Zerbitzuak osorik edo partzialki. Erabiltzaileak Zerbitzuengatik diru kopururen bat ordaindu behar badu, Zerbitzuen egungo tarifak etengabe eskuragarri eta eguneratuta egongo dira Webguneko esteka honetan: http://www.bideonarratian.eus/.

4.2. Espresuki bestelakorik adierazten ez bada, Zerbitzuen prezioak indarrean dagoen legeriaren arabera aplikatu behar diren zerga guztiak barne hartzen ditu.
4.3. Mankomunitateak mezu elektroniko bat edo SMS mezu bat bidaliko dio Erabiltzaileari. Mezu horretan erreserbaren berrespena eta xehetasunak adieraziko dira, eta bidaia-titulu gisa erabili ahalko da.
4.4. Erabiltzaileak espresuki onartzen du faktura sinplifikatuak formatu elektronikoan jasotzea. Nolanahi ere, Erabiltzaileak kontsumitzaile izaera badu, fakturak paperean eskatu ahal izango ditu dohainik. Horretarako, info@bideonarratian.eus helbidera mezu bat bidali beharko du.
4.5. Erabiltzaileak gehien komeni zaion ordainketa-metodoa aukeratu dezake, eskuragarri dauden metodoen artean. Mankomunitateak ez ditu ezagutuko Erabiltzaileak ordainketa egiterakoan erabilitako txartelaren datuak, hirugarrenek hornitutako ordainketa-metodoak erabiliko direlako. Edonola ere, Erabiltzaileari gomendatzen zaio erabilera-baldintzak eta -terminoak kontsulta ditzala, baita hirugarren hornitzaile horien pribatutasun-politikak ere.

5. EZEZTATU ETA ATZERA EGITEKO POLITIKA
5.1. Atzera egiteko eskubidea edozein kontsumitzailek kontratua bertan behera uzteko duen eskubidea da, Zerbitzuak kontratatu edo ondasunak jaso eta hamalau (14) eguneko epean, penalizaziorik gabe eta erabakia justifikatu beharrik gabe. Zerbitzuen kasuan, Erabiltzaileak espresuki baimena ematen du eta badaki erreserba baieztatzen den unetik hasten dela Zerbitzua egikaritzen. Hori dela eta, atzera egiteko eskubidea ez da aplikagarria izango Mankomunitateak Zerbitzua guztiz exekutatu duenean, hau da, bidaia baino bi (2) ordu lehenago, orduan Erabiltzaileak atzera egiteko eskubidea galduko du.
5.2. Hori horrela, honako hau izango da ezeztapen-politika:
(i) Erabiltzaileak Zerbitzua emateko bi (2) ordu baino gehiago geratzen direnean ezeztatzen badu, Mankomunitateak ordaindutako zenbatekoak itzuliko ditu, hala badagokio.
(ii) Erabiltzaileak Zerbitzua emateko bi (2) ordu baino gutxiago geratzen direnean ezeztatzen badu, ibilbide osoa kobratuko da.
(iii) Erreserba bat aldatzeko, Erabiltzaileak erreserba ezeztatu eta berriz hasi beharko du erreserba-prozesua.
5.3. Hala ere, Mankomunitateak Zerbitzua bertan behera utzi badu edo ezin badu Zerbitzuren bat eskaini ezohikoak edo saihestezinak diren egoerak direla eta, Mankomunitateak aukera emango dio Erabiltzaileari Zerbitzu horren dirua guztiz berreskuratzeko (hala badagokio) edo haren ordez antzeko ezaugarriak dituen beste bat hartzeko, betiere teknikoki posible bada.
5.4. Zerbitzua ezeztatzeko, Erabiltzaileak eskaera Aplikazioaren bidez egin beharko du edo Erabiltzailearentzako arreta zerbitzuarekin harremanetan jarrita, 944714624 telefono-zenbakian.

6. KONTUA EZEZTATZEA
6.1. Erabiltzaileak bere kontua ezabatu nahi badu, kontua ezeztatzeko eskatu beharko du helbide honetara mezu bat bidalita: info@bideonarratian.eus 48 lanordu igaro baino lehen kontua ezabatuko da, eta Erabiltzaileak tramitazioaren egoerari buruzko informazioa eskatu ahalko du helbide berean.
6.2. Hala, Aplikazioa telefono mugikorretik ezabatzeak ez ez du esan nahi kontua ezabatu denik. Kontua ezabatzeko 6.1. atalean azaltzen den prozedura jarraitu behar da.
6.3. Erabiltzaileak bere kontua ezabatu ondoren Zerbitzuak berriro erabili nahi baditu, beste erregistro-prozesu bat hasi beharko du eta une horretan indarrean dauden Baldintza Orokorrak onartu.
6.4. Kontuaren ezeztapenak ez du Erabiltzailea bere finantza-erantzukizunetatik edo kontratuzko betebeharretatik salbuesten.

7. EKIPAJEA
7.1. Erabiltzailea izango da ibilbidean daraman objektu, pakete edo ekipaje ororen erantzule (“Ekipajea”); beraz, bidaian zehar jasan dezakeen edozein kalteren erantzule izango da, Mankomunitatearen erantzukizuna frogatzen ez badu behintzat.
7.2. Mankomunitateak eta, kasua bada, ibilgailuaren gidariak uko egin diezaiokete segurtasunarentzat arriskutsua den Ekipajea eramateari, bai eta Zerbitzurako erabiltzen diren ibilgailuen zama- eta espazio-ahalmena gainditzen duen ekipajeari ere. Honako kasu hauetan ere ekipajea baztertu daiteke: osasun- eta higiene-baldintza minimoak betetzen ez dituenean; bere bolumena, konposizio edo beste arrazoi batzuk direla eta, beste bidaiarientzat edo ibilgailuarentzat arriskua edo deserosotasuna sortzen dutenean, edo hezkuntzako eta bizikidetzako oinarrizko arauak betetzen ez dituztenean.
7.3. Erabiltzaileak edozein ekipaje berezi edo ezohikoren berri eman beharko dio Mankomunitateari, behar adinako aurrerapenaz, baina Mankomunitateak ekipaje berezi edo ezohikoaren eskaera ukatzeko eskubidea izango du.
7.4. Ekipajeren bat galtzen bada, Erabiltzailea Mankomunitatearekin harremanetan jar daiteke Erabiltzailearentzako arreta kanalaren bidez.

8. ERABILTZAILEAREN BETEBEHARRAK IBILBIDEAN
8.1. Erabiltzaileak honako hauek betetzeko konpromisoa hartzen du:
(a) Tratatu beti gidariak adeitasunez eta errespetuz eta saihestu jokaera zakar, iraingarri eta bortitzak.
(b) Iritsi puntual aldez aurretik antolatutako bidaietara. Bidaia ezeztatu behar baduzu, ahalik eta lasterren egin.
(c) Erabili Zerbitzua modu arduratsu eta seguruan. Alde horretatik, debekatuta dago ibilgailuan alkohola edo legez kanpoko substantziak kontsumitzea. Errespetatu ibilgailuaren barruan ez erretzeko politikak.
(d) Ez utzi zabor edo hondakinik ibilgailuan.
(e) Errespetatu gidariaren eta beste bidaiarien pribatutasuna eta ez egin baimenik gabeko argazkirik ezta bideorik ere.
(f) Bete bidaiarien garraioarekin zerikusia duten tokiko eta estatuko arau eta erregulazio guztiak.
(g) Ordaindu Zerbitzuen prestazioaren truke Mankomunitateak adierazten dituen diru kantitateak.
8.2. Mankomunitateak Erabiltzailearen kontua eten eta ezeztatu ahal izango du, baldin eta, ibilbidean zehar, Klausula honetan zerrendatutako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo printzipio etikoen, onartutako jokabide sozialeko arauen eta ordena publikoaren aurkako beste moduren batean jokatzen badu, bai eta Zerbitzua ematen ari den bitartean ibilgailuei kalteak eragiten badizkie ere, Zuzenbidearen arabera bidezkoak diren kalte eta galerak eskatzeko aukerari kalterik egin gabe.

9. MANKOMUNITATEAREN BETEBEHARRAK
9.1. Mankomunitateak honako hauek betetzeko konpromisoa hartzen du:
(i) Aplikaziotik eta Erabiltzaileen eskura dauden beste edozein kanaletik egiten diren Zerbitzuaren erreserbak modu eraginkorrean administratzea eta kudeatzea;
(ii) Zerbitzua kalitate goreneko estandarrekin ematea, eta Zerbitzua ematen duten hirugarren gidariek estandar horiek beren gain hartzen dituztela bermatzea;
(iii) Beharrezko segurtasun-neurriak betetzen direla bermatzea ibilgailura sartzeko momentuan, lekualdaketan zehar eta helmugara heltzean;
(iv) Zerbitzuari aplikatzen zaizkion arauak betetzea eta konpromiso hori Zerbitzua ematen duten gidariek ere hartzen dutela bermatzea, baita ibilgailuen ezaugarriei dagozkien arauak ere.

10. JABETZA INTELEKTUALA ETA ERABILERA BALDINTZAK
10.1. Mankomunitatea Zerbitzuen osagai guztiekin zerikusia duten jabetza intelektual eta industrialeko eskubide guztien titularra da (edo lizentziadun legitimoa). Titulartasun horrek Aplikazioa eta Akordio hau betetze aldera Erabiltzailearen eskura jarritako edozein material edo elementu barne hartzen du, honako hauek barne (baina horietara mugatu gabe): datu guztiak, iturburu- eta helburuko-kodea, scriptak, interfazeak, diseinuak, kontzeptuak, dokumentazioa, edukia (irudi edo argazkiak) edo bestelako baliabide materialak eta Mankomunitateak Zerbitzuari eman diezaiokeen informazio oro.
10.2. Aurrekoari kalterik egin gabe, Erabiltzaileari eskubidea ematen zaio Aplikazioa modu ez esklusiboan, ez igorgarrian eta besterenezinean erabiltzeko, Baldintza Orokor hauen arabera, Zerbitzuak emateari dagokionez. Edukiak Aplikazioan argitaratzeak ez du esan nahi Erabiltzaileari jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideen titulartasuna, osorik edo zati batean, lagatzen zaionik, titulartasunari uko egiten zaionik edo eskualdatzen denik.
10.3. Erabiltzaileak ez du aplikatu beharreko legeria hausten duen inolako ekintza edo omisio egingo, ezta morala eta ordena publikoa, Baldintza Orokor hauek edo hirugarrenen eskubideak haustea dakarren ekintza edo omisiorik egingo ere. Beraz, zehatzegiak izan nahi gabe, honako hauek saihestuko ditu:
(i) Aplikazioa eta/edo Zerbitzuak erabiltzea legez kontrako helburuekin, hirugarrenen eskubide eta askatasunei kalte egiten dieten helburuekin edo horietara sartzea edozein modutan kaltetu, galarazi edo eragotzi dezaketen helburuekin, Mankomunitatearen eta/edo hirugarrenen kaltetan.
(ii) Zerbitzuak, osorik edo partzialki, erabiltzea norberaren edo hirugarren pertsonen promozioa, salmenta, kontratazioa, publizitatea edo informazioa zabaltzeko.
(iii) Adinagatik, sexuagatik, erlijio edo sinesmenengatik delitu, ekintza xenofobo, terrorista edo apalesgarriak egitea bultzatzen edo sustatzen duen ekintza oro; edo pornografikoak, lizunak, bortitzak edo legearen, moralaren edo ohitura onen aurkakoak direnak.
(iv) Beste Erabiltzaile batzuei Aplikaziora, haren edukietara edo Zerbitzuetara sartzea eragozten edo zailtzen dien edozein ekintza egitea.
(v) Edozein birus informatiko, kode, software, programa informatiko, informatika- edo telekomunikazio-ekipo erabiltzea, baldin eta Mankomunitatearen eduki, programa edo sistemetan edo beste erabiltzaile batzuen artxibo eta ekipo informatikoetan baimenik gabeko kalteak edo aldaketak eragin baditzake, edo Aplikazioaren edo Zerbitzuen edukietara baimenik gabe sartzea.
(vi) Aplikazioan dauden babes- edo identifikazio-gailuak edo jabetza intelektual edo industrialeko sorkuntzetan sartzen diren sinboloak ezabatzea edo edozein modutan aldatzea.
(vii) Aplikazioa edo bere edukiak osorik edo partzialki erreproduzitzea, kontuan hartu gabe lehia desleialeko edo nahasteko egintzak diren ala ez.
(viii) Markak, izen komertzialak eta jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideen mende dagoen beste edozein identifikazio-ikur erabiltzea, titularraren edo lizentzia-hartzailearen berariazko eta idatzizko baimenik gabe.
(ix) Eduki eta Zerbitzu guztiak edo batzuk aldatzea edo Zerbitzuak ekonomikoki ustiatzea dakarren edozein ekintza egitea, baldin eta ekintza horrek eduki eta Zerbitzu horien erreprodukzioa, banaketa, kopia, alokairua, komunikazio publikoa, eraldaketa edo antzeko beste edozein ekintza badakar, Mankomunitatearen edo, hala badagokio, jabetza intelektual eta industrialeko eskubideen hirugarren jabearen aurretiazko eta idatzizko baimenik gabe.
(x) Aplikazioan hainbat kontu sortzea edo beste hainbat ekintza egitea, deskontu eta promozioei bidegabeko etekina ateratzeko.
10.4. Klausula honetan ezarritako edozein erabilera-baldintza hautsiz gero, Mankomunitateak beretzat gordetzen du Erabiltzailearen kontua ezeztatzeko edo ezabatzeko eskubidea, aldez aurretik jakinarazi gabe, baita Zuzenbidearen arabera duen edozein lege-ekintza ere.

11. DATU PERTSONALEN BABESA
11.1. Datu pertsonalak Mankomunitateak bildu eta erabiliko ditu, Pribatutasun Politikaren arabera.
11.2. Mankomunitateak bidezko ahalegin guztiak egingo ditu Aplikazioaren etengabeko erabilgarritasuna bermatzeko. Hala ere, Erabiltzailea jakinaren gainean dago, batzuetan, Aplikazioak programatutako etenaldiak izan ditzakeela (baita programatu gabekoak ere), eta horrek Aplikazioaren erabilgarritasuna kaltetu dezakeela. Ahal denean, Mankomunitateak Erabiltzailea aldez aurretik abisatuko du, programatutako etenaldiak gertatzen badira.
11.3. Programatutako etenaldiei dagokienez, Erabiltzaileak badaki Aplikazioa mantentze-lanen, eguneratzeen edo aldizkako hobekuntzen mende egon daitekeela, eta horrek Aplikazioa aldi jakin batzuetan eskuragarri ez egotea ekar dezakeela. Mankomunitateak ahaleginak egingo ditu programatutako etenaldiak saihesteko. Horretarako, horrelako jarduerak Erabiltzailea gutxien eragiten duten momentuetan egingo ditu.
11.4. Arazo teknikoak edo programatutako etenaldiak egotekotan, Erabiltzailea Mankomunitateko laguntza teknikoko zerbitzuarekin harremanetan jarri ahal izango da, Erabiltzailearentzako arreta zerbitzura mezu bat bidaliz: info@bideonarratian.eus edo 944714624 deituz. Mankomunitateak problema teknikoak zentzuzko epe batean erantzuteko konpromisoa hartzen du.
11.5. Mankomunitateak Aplikazioan aldizkako eguneratzeak egiteko konpromisoa hartzen du, Aplikazioaren funtzionamendua, segurtasuna eta errendimendua hobetzeko. Eguneratze horien artean honako hauek egon daitezke: akatsen zuzenketak, funtzio berriak, erabiltzaile-interfazean hobekuntzak eta beste hainbat aldaketa. Eguneraketa eta akatsen zuzenketa horiek modu proaktiboan egingo ditu Mankomunitateak. Erabiltzailea eguneratze horietaz baliatuko da eta Aplikazioaren bertsio berria deskargatuko du bere aplikazio-dendan, kargu gehigarririk gabe.
11.6. Mankomunitateak ez ditu bere gain hartzen Erabiltzailearen ekintzen ondoriozko arazo teknikoak, hirugarrenek Aplikazioa baimenik gabe erabiltzearen ondoriozkoak edo Mankomunitatearen arrazoizko kontroletik kanpo dauden egoeren erantzukizunak.

13. ADIERAZPENAK ETA BERMEAK
13.1. Mankomunitateak adierazten eta bermatzen du behar diren baimenak dituela Aplikazioaren gaineko jabetza intelektualeko eskubideei dagokienez, eta Erabiltzaileak horiek erabiltzeak ez duela hirugarrenen jabetza intelektualeko eskubiderik urratzen. Mankomunitateak honakoak egin beharko ditu, nahi duenean eta Erabiltzaileari inolako gasturik sortu gabe: hirugarrenen eskubideak eskuratu, Erabiltzaileak Aplikazioa hirugarrenen eskubideak urratu gabe erabil dezan, edo hirugarrenaren eskubideak urratzen dituen osagaia edo edukia ordezkatu. Gainera, Mankomunitateak onartu egiten du Erabiltzailea defendatzea, kalte-ordaina ematea eta salbuestea, hirugarren batek bere kontra egindako ekintza, erreklamazio, eskaera edo auzietatik eratorritako erantzukizun orotatik, baldin eta Aplikazioaren alderdi batek edo guztiek hirugarren horren egile-eskubideak urratzen badituzte.
13.2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa izan ezik, Aplikazioa “Bere horretan” eta “Erabilgarritasunaren arabera” ematen da, eta ez da bermatzen aplikazioak akatsik ez duenik, etenik gabe funtzionatzen duenik edo Erabiltzailearen itxaropen guztiak betetzen dituenik. Aplikazioaren barneko informazio eta eduki guztia inolako bermerik gabe ematen da, esplizituak nahiz inplizituak izan.
13.3. Erabiltzailea jakinaren gainean dago Mankomunitatea ez dela Aplikazioa erabili eta Aplikazioan sartu ahal izateko behar den azpiegitura teknologikoaren, sarbidearen edo Interneten erabilgarritasunaren erantzule. Erabiltzaileak bere gain hartzen du Interneterako sarbidea eta ekipo egokiak bermatzeko ardura.

14. ERANTZUKIZUNAK
14.1. Mankomunitateak bere gain hartzen du Zerbitzuei dagokienez Baldintza Orokor hauen arabera ezartzen zaizkion betebeharrak ez betetzearen erantzukizuna. Akatsak edo ez-betetzeak Erabiltzaileari soilik egozten zaizkionean Mankomunitateak ez du inolako erantzukizunik izango.
14.2. Mankomunitateak eskubidea izango du edozein momentutan Zerbitzua aldatu, egokitu edo bertan behera uzteko, baldin eta, bere irizpideen araberako segurtasun-arrazoiak direla medio, beharrezkoa bada, edo beste edozein arrazoirengatik Zerbitzua aurrera eramatea ezinezkoa bada. Kasu horietan, Mankomunitatea ez da lehen aipatutako doikuntzen edo etenaldien erantzuletzat hartuko.
14.3. Alderdi batek ez du bestearen aurrean erantzukizunik izango Akordioaren arabera hartutako betebeharrak ez betetzeagatik, baldin eta ez-betetze edo atzerapen hori eragindako Alderdiaren arrazoizko kontroletik kanpo dagoen eta zentzuz eta zuhurtasunez jokatuz saihestu edo gainditu ezin izan den arrazoi edo inguruabar baten ondorio bada (adibidez, baina horretara mugatu gabe: suteak, uholdeak, grebak, lan-gatazkak edo beste industria-istilu batzuk, gerra —aitortua edo ez—, blokeoak, legezko murrizketak, istiluak, matxinadak, gobernu-erregelamenduak eta garraiobiderik ez izatea) (“Ezinbesteko Kasua”). Kaltetutako Alderdiak: a) berehala jakinaraziko dio beste Alderdiari eta Ezinbesteko Kasuari buruzko informazio osoa emango dio; b) ahal duen guztia egingo du Ezinbesteko Kasua gainditzeko eta c) ahal den neurrian bere eginbeharrak betetzen jarraituko du.

15. IRAUPENA
15.1. Akordioa indarrean sartuko da Erabiltzaileak Baldintza Orokor hauek sinatzen dituenean. Zehazki, Akordioaren hasiera-data izango da Erabiltzaileari Aplikazioan ondo erregistratu dela baieztatzen zaion eta Aplikazioan sartzeko aukera ematen zaion eguna.
15.2. Erabiltzaileak Aplikazioan kontua aktibo mantentzen duen bitartean, Akordioak iraunaldi mugagabea izango du.

16. MISZELANEA
16.1. Alderdien arteko komunikazioa. Akordio honi buruz Mankomunitatearen eta Erabiltzailearen artean egiten diren komunikazio guztiak modu frogagarrian eta idatziz egin beharko dira. Ahal dela, honela egin beharko da: 1) kontratazioa Aplikazioaren bidez egiten denean, Aplikaziotik edo posta elektroniko bidez egingo da, Aplikazioan dagoen Erabiltzailearen helbidera mezu bat bidaliz (Mankomunitatearen kasuan, helbide elektronikoa: mancomunitatea.arratia@bizkaia.org da); edo 2) kontratazioa beste bide batzuetatik egiten denean, postaz bidaliko da kontratazio-egunean emandako Erabiltzailearen helbidera (Mankomunitatearen kasuan, 1. klausulan adierazten den helbidera).
16.2. Goiburuak. Klausulen goiburuak helburu argigarriekin soilik ezartzen dira eta ez dute inolako lege-efekturik izango.
16.3. Baliogabetasun partziala. Akordio honetako xedapenen bat aplikaezina edo baliogabea dela erabakiz gero, erabakiak ez du eraginik izango Akordio honen gainerako xedapenetan eta indarrean jarraituko dute.
16.4. Aldaketak. Mankomunitateak eskubidea izango du Baldintza Orokor hauek edozein momentutan aldatzeko, Baldintza Orokor hauek indarrean sartu zirenetik gutxienez hogeita hamar (30) eguneko epearekin jakinarazi beharko dio Erabiltzaileari, idatziz. Erabiltzailea aldaketekin ados ez badago, Erabiltzaileak Akordioa deuseztatzeko eskubidea izango du, eta Mankomunitateari jakinarazi beharko dio aldaketa horiek indarrean sartu baino lehen. Egoera horretan Erabiltzaileak Akordioa deuseztatzeak ez du inolako zigorrik izango, mugaeguneraturik eta ordaindu gabe dauden kopuruak ordaintzeko betebeharra izan ezik. Erabiltzaileak ez badu jakinarazten adierazitako epean Mankomunitateak proposatutako aldaketak onartu edo baztertu dituen, ulertuko da Erabiltzaileak proposatutako aldaketak isilbidez onartzen dituela, Zerbitzuak erabiltzen jarraitzen badu. Mankomunitateak Baldintza Orokorren aurreko bertsioen erregistro bat izateko konpromisoa hartzen du, eta, Erabiltzaileak eskatzen badu, bertsio horietarako sarbidea emango zaio.
16.5. Uko egiteak. Akordio honen edozein eskubide edo xedapen ez betetzeak ez du esan nahi eskubide edo xedapen horri uko egin zaionik. Eskubide edo xedapen bati uko eginez gero, idatziz egin beharko da, eta bi alderdietako ordezkari baimendu batek sinatu beharko du.

17. HIZKUNTZA, APLIKATU BEHARREKO LEGEAK ETA JURISDIKZIOA
17.1. Akordio hau eta bere betearazpena Espainiako legediaren menpe egongo dira.
17.2. Baldintza Orokor hauen interpretazioari edo aplikazioari buruzko edozein eztabaida sortzen bada, Alderdiek fede onez negoziatuko dute desadostasun edo erreklamazio hori ebazten saiatzeko.
17.3. Hala ere, desadostasuna edo erreklamazioa ebazten ez bada, Alderdiak Bilboko epaitegi edo auzitegien mende jarriko dira, legeriak beste foru inperatibo bat ezartzen ez badu behintzat.
17.4. Era berean, Europako Batzordeak plataforma bat eskaintzen du gatazkak modu alternatiboan konpontzeko, eta edozein kontsumitzailek erabil dezake plataforma hori esteka honetan.

18. HARREMANETARAKO
18.1. Erabiltzailea Mankomunitatearekin harremanetan jarri daiteke Zerbitzuekin edo Aplikazioarekin zerikusia duten edozein gairen inguruan galdetzeko, harremanetarako datu hauen bidez: