bideON ARRATIANek desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei zabaldu die eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarria
- Zerbitzua 08:00etatik 14:00ak arte ematen da, udaletxeetan, osasun-zentroetan, farmazietan, saltokietan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan mota guztietako gestioak egiteko.
- Desgaitasun fisikoa, psikikoa, adimenekoa edo sentsoriala edo mendekotasunaren balorazioa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da Igorreko bideON ARRATIAN bulegoan (Agirre lehendakaria, 11).
Igorren, 2024ko maiatzaren 28an. bideON ARRATIANek, eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, desgaitasuna duten pertsonen eta mendetasuna duten pertsonen kolektiboarentzat zabaldu du zerbitzua, adin-mugarik barik. Horrela, Arratiako –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– bederatzi udalerriren batean erroldatuta dauden eta desgaitasun fisiko, psikiko, adimeneko edo sentsoriala edo mendekotasun-mailaren bat duten pertsonek baliatu ahal izango dute orain arte 65 urtetik gorakoentzat eta unibertsitateko gazteentzat soilik zen zerbitzua.
Zerbitzu hau erabili gura dutenek errolda-ziurtagiria, desgaitasun fisikoaren ziurtagiria edo mendekotasun-balorazioa aurkeztu beharko dute Igorreko bideON ARRATIANeko bulegoan (Agirre Lehendakaria, 11), goizez (8:00etatik 14:00etara) edo arratsaldez (16:00etatik 18:00etara). Ziurtagiria interesdunen senideek edo gertuko pertsonek ere aurkez dezakete. Laster aplikazio bidez aurkeztu ahal izango da beharrezko dokumentazioa.
Kolektibo horrek goizeko 8:00etatik 14:00etara bitartean erabil dezake etxeko atetik eskualdeko herriguneetara joateko zerbitzua, udaletxeetan, osasun-zentroetan, Galdakao-Usansoloko Ospitalean, farmazietan, saltokietan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan, baita Galdakaoko eta Arratiako Egoitzako anbulatorioetan ere edozein gestio egiteko.
Jatorria eta helmuga Arratia eskualdean duten lekualdatzeen kasuan, zerbitzuaren prezioa euro batekoa da (BEZa barne) ibilbide bakoitzeko, eta 1,50 eurokoa (BEZa barne) Galdakao-Usansoloko Ospitalera eta Galdakaoko anbulatoriora joan behar izanez gero. Beharrezkoa izanez gero, bideON ARRATIAN zerbitzuak talde horretako erabiltzaileei lagunduta joateko aukera ematen die; kasu horretan, bi ibilbideren prezioa ordainduko da. Zerbitzuak ibilgailu egokitua du.
Arratiako eskualdea bederatzi udalerrik osatzen dute –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri–, eta hirigunetik, eta, beraz, bertako zerbitzu nagusietatik, urrun bizi diren hainbat biztanleria-eremu sakabanatu ditu. Zerbitzu horien artean daude udaletxeak, osasun-zentroak, farmaziak, banketxeetako sukurtsalak eta kutxazainak, herritarrentzat interesgarriak diren beste gune batzuen artean, bai eta prestakuntza-gune eta unibertsitate-campus nagusiak ere.
Lurraldearen sakabanaketa horren ondorioz bertako bizilagunentzat benetako erronka da egunero leku batetik bestera joatea; izan ere, eskari gutxiko eta maiztasun aldakorreko joan-etorriak dira, eta, ondorioz, garraio publiko tradizionala ez da eraginkorra eta bideragarria, bere kostu handia dela-eta.
Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimen berritzaile horren helburua ibilgailu pribatuaren mendekotasuna murriztea da, bai eta CO2 isuriak gutxitzea ere, eta, aldi berean, eskualdean bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea, gidari profesionalekin egindako garraio seguruaren bidez, lehendik dagoen garraio publikoko zerbitzua osatuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 eurorekin finantzatu du proiektuaren fase pilotua. Fase hori urtebetez luzatuko da, eta horrela, Herri Txiki, Aukera Handi prozesu parte-hartzailearen bidez eskualdean identifikatutako erronka nagusietakoa gauzatuko du. Prozesu hori foru erakundeak jarri du abian Bizkaiko udalerrietako bizi-kalitatea hobetzeko, zerbitzu publikoen bidezko eskaintza ekitatiboa emanez.
Bilatu
Azken albisteak
- bideON ARRATIANek tokiko merkataritza hurbiltzen die 65 urtetik gorakoen eta desgaitasuna eta mendekotasuna dutenen kolektiboari 14/11/2024
- Eskariaren araberako bideON ARRATIAN garraio-zerbitzu jasangarriak, jarduerari ekingo dio berriro ikasturtearen hasierarekin bat etorriz 06/09/2024
- bideON ARRATIAN, eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, 2.000 bidaia egin ditu jardueraren lehen bost hilabeteetan, eta erabiltzaileek bikain baloratu dute 16/07/2024
- bideON ARRATIANek desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei zabaldu die eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarria 29/05/2024
- bideON ARRATIANek eskaeraren araberako garraio-zerbitzu jasangarriaren ordutegia luzatu du 65 urtetik gorakoentzat eta unibertsitateko gazteentzat 23/04/2024