bideON ARRATIAN eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak informazino-bulegoa zabaldu dau Igorren
- Agirre Lehendakariaren kaleko 11. zenbakian (Igorre) kokatuta, informazinoa emongo dau eta bideON ARRATIAN zerbitzuan izena emotea erraztuko dau lanegunetan, 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
- bideON ARRATIAN garraio jasangarriko proiektu pilotu barritzailea herriguneetatik urrun bizi diran eta eskualdeko bederatzi udalerrietako baten –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– erroldatuta dagozan unibersidadeko gazteei eta 65 urtetik gorako personei zuzenduta dago, eta urtarrila amaitu baino lehen hasiko da zerbitzua emoten.
- Proiektuak, fase pilotuan, urtebeteko iraupena eukiko dau, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren 900.000 euroko dirulaguntzea dauka martxan jarteko.
bideON ARRATIANek, eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, jentearentzako informazino-bulegoa inaugurau du gaur Igorren (Agirre Lehendakaria 11). Lokal horretatik, Arratiako bederatzi udalerrietako –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– bizilagunei ekimenari buruzko informazinoa emongo jake, bai eta urtarrila amaitu baino lehen martxan jartea aurreikusten dan sisteman izena emoteko aukerea be.
Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak finantzauko dau fase pilotuan, eta Arratian erroldatuta dagozan unibersidadeko ikasleei aukerea emongo deutse etxeko atetik hurbilen daukien garraio publikora hurbiltzeko, ikastetxera joateko. Leioako campusean ikasten dabenei unibersidadera bertara hurbiltzeko aukerea emongo jake. BideON ARRATIAN, era berean, eskualdeko biztanle-guneetatik urrun dagozan etxebizitzetan erroldatutako 65 urtetik gorako personei zuzenduta dago. Kasu horretan, zerbitzuak etxeko atetik eskualdeko uriguneetara eroango ditu erabiltzaileak, era guztietako kudeaketak egiteko udaletxeetan, osasun-zentroetan, farmazietan, dendetan eta/edo banku-bulegoetan edo -kutxazainetan. Talde horrentzako garraio-zerbitzu bat be jarriko da, Galdakaoko anbulatoriora joan ahal izateko.
Jenteari arreta emoteko Igorreko bulegoa 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, astelehenetik barikura, eta, bertan, herritarrei azalduko jake bidaiak erreserbetako aukerea daukiela bideON aplikazinoaren bidez, 94 471 46 24 telefono zenbakira deituta edo bulegora etorrita. Ibilbidea erreserbau ondoren, gidariak bidaia-eskaerea jasoko dau, eta bidaiaria jasotea programauko da. Ondoren, gertuen dagoan geraleku birtualean jasoko da bidaiaria, bere kokalekutik oinez minutu batzuetara. Bidaia, ahal dan neurrian, beste persona batzukaz partekatuko da, jasangarriagoa eta eraginkorragoa izan daiten.
Erabiltzaileek ordaindu beharreko ibilbidearen prezioa 1 eta 1,50 euro artekoa izango da, ibilbidearen tipologiaren arabera.
Arratia eskualdea bederatzi udalerrik osotzen dabe –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri–, eta biztanle-eremu sakabanatu ugari daukaz. Biztanle horreek urrun bizi dira herrigunetik, eta, ondorioz, bertako zerbitzu nagusietatik: udaletxeak, osasun-zentroak, farmaziak, banku-bulegoak eta -kutxazainak, herritarrentzako beste interesgune batzuen artean, bai eta ikastetxe eta unibersidade-campus nagusiak be.
Lurraldearen banaketa hori erronkea da bertako bizilagunen eguneroko joan-etorriei begira; izan be, eskari txikiko eta maiztasun aldakorreko joan-etorriak dira, eta, ondorioz, garraio publiko tradizionala ez da ez eraginkorra ez bideragarria, kostu handia daukalako.
Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimen barritzaile honen helburua da ibilgailu pribatuagazko mendekotasuna murriztea, bai eta CO2 emisinoak murriztea be, eta, aldi berean, eskualdean bizi diran personen bizi-kalidadea hobetzea, gidari profesionalak dituan garraio segurua bermatuz, lehendik dagoan garraio publikoko zerbitzua osotuta.
Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 eurogaz finantzau dau proiektu honen fase-pilotua. Urtebetez luzatuko da fase hori, eta Herri Txiki, Aukera Handi partaidetza-prozesuaren bidez eskualdean identifikautako erronka nagusietako bat gauzatzen dau. Prozesu hori Bizkaiko udalerrietako bizi-kalidadea hobetzeko jarri eban martxan foru-erakundeak, zerbitzu publikoen bidezko eskaintza eskainiz.
Bilatu
Azken albisteak
- bideON ARRATIANek tokiko merkataritza hurbiltzen die 65 urtetik gorakoen eta desgaitasuna eta mendekotasuna dutenen kolektiboari 14/11/2024
- Eskariaren araberako bideON ARRATIAN garraio-zerbitzu jasangarriak, jarduerari ekingo dio berriro ikasturtearen hasierarekin bat etorriz 06/09/2024
- bideON ARRATIAN, eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, 2.000 bidaia egin ditu jardueraren lehen bost hilabeteetan, eta erabiltzaileek bikain baloratu dute 16/07/2024
- bideON ARRATIANek desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei zabaldu die eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarria 29/05/2024
- bideON ARRATIANek eskaeraren araberako garraio-zerbitzu jasangarriaren ordutegia luzatu du 65 urtetik gorakoentzat eta unibertsitateko gazteentzat 23/04/2024