bideON ARRATIAN, eskaeraren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, 6.239 bidaiarekin eta erabiltzaileen kalifikazio bikainarekin itxi du 2024. urtea
- bideON ARRATIAN garraio jasangarriko proiektu pilotu berritzaileak 5.048 bidaia egin ditu 65 urtetik gorako pertsonekin, 897 bidaia ikasleak leku batetik bestera eroateko eta 294 zerbitzu mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzat.
- Eskualdeko bederatzi udalerriren batean –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– erroldatutako erabiltzaileek bikain baloratu dute zerbitzua: 5etik 4,9 puntu eman dizkiote zerbitzuari, 5etik 5 puntu erabiltzailearenganako arretari, 5etik 4,8 puntu gidariari eta 5etik 4,9 puntu erabilitako ibilgailuari.
- Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimena den eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen duen bideON ARRATIANek, 2024an, batez ere erdigunetik urrun dauden biztanle-eremu sakabanatuek osatzen duten landagunea funtsezko zerbitzuekin eta beste garraio publiko batzuekin lotzeko guneekin lotuta egongo den eskualde bihurtzea bultzatu du.
Igorren, 2025eko urtarrillaren 14an. bideON ARRATIAN eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, erabiltzaileen oso erantzun onarekin itxi du 2024. urtea. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak 6.239 bidaia egin ditu otsailetik abendura bitartean. Horietatik 5.048 (% 80,9) 65 urtetik gorakoek egin dituzte, 897 (% 14,4) unibertsitateko ikasleek eta 294 (% 4,7) desgaitasunen bat edo mendetasunen bat duten pertsonek.
Udalerriei dagokienez, bidaien % 41,3 Igorreko udalerritik datoz, % 20,1 Dimatik, % 8,8 Lemoatik, % 8,7 Zeanuritik, % 8,6 Arteatik, % 7,7 Areatzatik, % 2,8 Bediatik eta % 1,7 Arantzazutik.
Bidaia horien jomugei dagokienez, eskualde barruan gehien eskatu diren lekuak Igorre (% 38,7), Lemoa (% 19,8) eta Dima (% 11,10) izan dira. Hiru udalerri horien ondoren, erabiltzaileak Arteara (% 8), Zeanurira (% 7), Arratiako Mankomunitatearen Dimako egoitzara (% 6), Areatzara (% 5,8), Arantzazura (% 1,6), Bediara (% 1,4) eta Ubidera (% 0,22) joan dira.
Eskualdetik kanpoko joan-etorriei dagokienez, Galdakao-Usansoloko Ospitaleak jaso ditu bidaien % 59; ondoren, Galdakaoko Anbulatorioa (% 19,8), Leioako Campusa (% 8,8), Bilbo/Deustuko Campusa (% 6,4) eta Leioako Bizkaibus geltokia (% 5,9) daude.
Azpimarratu behar da erabiltzaileek bikain baloratu dutela zerbitzua: 5etik 4,9 puntu eman dizkiote zerbitzuari, 5etik 5 puntu erabiltzailearenganako arretari, 5etik 4,8 puntu gidariari eta 5etik 4,9 puntu erabilitako ibilgailuari.
Fase pilotuan Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak eskualdeko bederatzi udalerrietako batean –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– erroldatutako 65 urtetik gorako pertsonei eskaintzen die zerbitzua. Kasu horretan, zerbitzuak etxetik hiriguneetara eramaten ditu erabiltzaileak, era guztietako gestioak egiteko udaletan, osasun-zentroetan, farmazietan, saltokietan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan. Kolektibo horrentzat, Galdakao-Usansoloko Ospitalera, Galdakaoko anbulatoriora edo Arratiako Egoitzara hurbiltzeko garraio-zerbitzua ere prestatu da.
Zerbitzuak, halaber, eskualdean erroldatuta dauden unibertsitateko, Goi Mailako LHko eta HHIko ikasleei etxetik Lemoara eta Amorebietara hurbiltzeko aukera ematen die. Bertan har dezakete ikasketak egiten ari diren zentrora eramango dituen garraio publikoa.
Zerbitzua, halaber, desgaitasun fisikoa, psikikoa, intelektuala edo sentsoriala duten edo mendetasun-egoeran dauden pertsonei ere eskaintzen zaie, adin-mugarik barik, 65 urtetik gorakoen baldintza berberetan.
Proiektuaren xede sozialarekin bat etorriz, zerbitzua euro bateko prezioan ematen da Arratia eskualdearen barruko joan-etorrietarako, eta 1,50 euroko prezioan jomuga eskualderen muga geografikoetatik kanpo dagoenean.
Arratialdea bederatzi udalerrik osatzen dute, eta biztanle-eremu asko sakabanatuta daude, hirigunetik eta, beraz, zerbitzu nagusietatik urrun: udaletxeak, osasun-zentroak, farmaziak, sukurtsalak eta banku-kutxazainak, besteak beste, baita herritarrentzako interesguneak, prestakuntza-zentro nagusiak eta unibertsitate-campusak ere.
Lurraldearen banaketa horrek bizilagunak egunero leku batetik bestera eroateko erronka planteatzen du, eskari gutxiko eta maiztasun aldakorreko joan-etorriak dira-eta.
bideON ARRATIANek pertsonen arteko harremanak sustatzen ditu, pertsonak elkarrengana hurbilduz, bai ibilgailua partekatuz, bai kanpoaldeko pertsonak herriko jardueren erdigunera eramanez. Modu berean, belaunaldien arteko harremanak errazten ditu Arratiako adinekoen eta gazteen artean.
Parte-hartzean oinarritutako zerbitzua da; izan ere, inkesten bidez egindako hasierako diseinutik hasi eta eguneroko jarduerara arte, erabiltzaileen iritziak etengabe jasotzen dira, hobetzeko eta egokitzeko. Iritzi horien ondorioz, jomuga eta geraleku berriak eskaini dira, eta erabiltzaileen kolektibo berrietara iritsi da.
bideON ARRATIANek jendea informatzeko bulego bat du Igorren (Agirre lehendakaria, 11). Lokal horretatik ekimenari eta sisteman izena emateko aukerari buruzko informazioa eskaintzen zaie Arratia – Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuriko herritarrei.
Bilatu
Azken albisteak
- bideON ARRATIAN, eskaeraren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, 6.239 bidaiarekin eta erabiltzaileen kalifikazio bikainarekin itxi du 2024. urtea 14/01/2025
- bideON ARRATIANek tokiko merkataritza hurbiltzen die 65 urtetik gorakoen eta desgaitasuna eta mendekotasuna dutenen kolektiboari 14/11/2024
- Eskariaren araberako bideON ARRATIAN garraio-zerbitzu jasangarriak, jarduerari ekingo dio berriro ikasturtearen hasierarekin bat etorriz 06/09/2024
- bideON ARRATIAN, eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, 2.000 bidaia egin ditu jardueraren lehen bost hilabeteetan, eta erabiltzaileek bikain baloratu dute 16/07/2024
- bideON ARRATIANek desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei zabaldu die eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarria 29/05/2024